EZ ZUTEN ASTIRIK ERE IZAN

Post image

Hoy tenemos el placer de presentar el relato ganador del II Concurso de Relato corto de Urrike Liburudenda, en la categoría de mayores de 17 años, en euskera.  Se trata del relato Ez zuten astirik ere izan, escrito por Saioa, una historia en la que sus protagonistas tendrán que ir aprendiendo quienes son sobre la marcha y que la madurez siempre se cobra su precio. Esperamos que disfrutéis tanto como nosotros de esta historia. ¡Gracias por tu relato, Saioa, y enhorabuena!

 

 

Ez zuten astirik ere izan.

Ausardia, arazoak ez bezala, ez da edonon topatzen den gauza horietako bat, are gutxiago egoera hura kontuan hartuta. Ironikoa deritzot, haiek topatu eta, tamalez, alferrikakoa izana. Baina tira, bizitza batzuetan krudela gertatzen da. Gizaki gehienok heriotzari diogu beldur, gehienetan bizitza gupidagabe hutsa suertatzen den arren.

Xabierrek ez zuen inoiz bere burua gizon ausartatzat jo. Nahiko koldarra izan zen beti erabakiak hartzerako orduan. Artaldearen beste ardi txuri bat besterik ez, ardi beltza izateak arazo gehiegi zekartzalako. Era hartan zoriona topatuko zuelakoan hartu zuen institutuko neskarekin ezkontzeko erabakia ere. Azken batean, Miren bere lagun mina zen. Aukerarik egokiena, bizitza oso bat elkarrekin pasa beharko zuten eta.

Mikelen kasua guztiz ezberdina zen. Beti erabakiak hartzen dituen mutil horietakoa izan zen. Taldea atzetik jarraika izatea zen gehien gustatzen zitzaiona. Ahaltsua sentitzen zen. Garrantzitsua. Botereak egiten baitzaitu gizon.

-Ezta ama?

-Hala da seme, gizon izateko indartsua izan beharko duzu. Beti adoretsu jokatu. Negarrik ez. Ez ahaztu zoriontsu izateko neska on bat topatzea ezinbestekoa dela, adeitsua, polita, seme-alaba ugari izateko prest dagoena. Zure aitak zenak gauza bera esango luke…

-Bai, ama.

Bakoitzak bere erara osatua zuen bizitza.  Xabier ‘’zoriontsu’’ ezkonduta zegoen. Azken boladan diru arazoak izan zituzten arren, Mirenek lortu berri zuen lanarekin dena ezin hobeto zihoan, bikain.  ‘’Bai, Xabier, primeran. Edonork nahiko lukeena lortu duzu. Beraz, hau da zuk nahi duzuna. Beti nahi izan duzuna. Utzi ergelkeriak pentsatzeari, honelako ideiek ez zaituztelako inora eramango. Dena pikutara bidali nahi al duzu?’’

Mikelek berriz, ez zuen bikoterik, ezkongaiak soberan bazituen ere. Azken boladan neskenganako interesa galdua zuela zirudien, edo baliteke askoz lehenago galdu izana. Orain behintzat horrek ez zuen asko larritzen, azkenean iritsi baitzen familiaren espresaren jabetza jasotzeko eguna. Ardura handiko lanpostua izan arren, lasai zegoen. Lider sena zuen.  Ostiralean ospatuko zuten festa sekulakoa izanen zen, irrikitan zegoen. Bertan paperak sinatu eta kitto. ‘’Ama oso harro egonen da’’.

Ostiraleko ospakizunak Xabierrenean ere loa kentzen zion norbaiti. Mirenek ekitaldi hura prestatzen azken bi hilabeteak igaro zituen. Xehetasun guztiak zaindu zituen arreta handiz. Ezinezkoa zen ezer gaizki ateratzea. Gainera, bazekien enkargu hura ongi ateraz gero, aurrerantzean ez lukeela lanarengatik gehiago kezkatu beharko. Azken batean, ospakizun hartara hiriko aberats eta boteretsu guztiak bertaratuko ziren. Aukera bikaina bere enpresa txikia ezagutarazteko. Sekulako zortea izan zuen jabearen amak lana eskaini zionean. Oraindik ere ezin du sinetsi egunkarian jarritako iragarki xume hark emakume haren arreta deitu izana.

Uste baino lehenago iritsi zen eguna. Ostiral hark oso garrantzitsua izan behar zuen, bai Miren, bai Mikelentzat. Xabierrek berriz, ezingo luke inoiz susmatu zein garrantzitsua izanen zen berarentzat.

Festa primeran hasi zen. Espero zutena baino jende gehiago joan zen. Mikel hain eskerturik zegoen, non amari antolatzailea aurkezteko eskatu zion, ama izan baitzen berarekin kontaktuan jarri zena.

-Miren deitzen da. Oso neska atsegina da, baita bere senarra ere. Biak gonbidatu nituen. Begira, hor datoz.

Ez zuten gehiago behar izan. Begirada bat besterik ez. Barrunbeetan hainbeste urtez (urte  asko, bizitza oso bat) giltzapetutako sentimendu hura hasi zen loratzen. Orain bazekiten euren buruei sekretua gordetzeko saiakera denbora galtze hutsa izan zela.

-Gabon Iturralde anderea, hau zure semea izango da. Zorionak jaso berri duzun postuagatik…-lotsa apur bat ematen zion bere izena ez jakiteak.

-Mikel, Mikel dut izena.- Mireni erantzun arren, Xabierri zuzentzen zitzaiola bazekien. Ez zuen inoiz gizon erakargarriagorik ikusi- Eta zuek zarete?

-Ni Miren naiz, eta hau nire senarra, Xabier. Oso eskertuta gaude eskaini zenidaten lan honengatik. Plazer bat izan da…

-Plazer bat bai… – hitzak ahotik salto egin zioten Xabierri. ‘’Zer demontre gertatzen zait?’’

Gainontzeko elkarrizketak ez zuen garrantzi handirik izan. Eginiko lana goraipatuz eta eskerrak emanez aritu ziren, Mikelen amak honako proposamena egin zuen arte.

-Beno Xabier, zergatik ez zoazte Mikelen bulegora diruaz hitz egitera gu dantzatzera goazen bitartean? Gizonen kontu aspergarriak, badakizu.- Mireni zuzendu zitzaion.

-Baina nire emaztearen lana da, nik ez dut honekin zerikusirik…

-Ez duzu zure emaztea diru kontuekin aspertzea nahi ezta? Zoazte biak, ongi etorriko zaio Mikeli zuek bezalako familia eder baten buruarekin solastea, ikas dezan behingoz zein den bizimodu egokia. Jainkoak hala nahi du eta gure betebehar bakarra Jainkoaren nahia betetzea da.

Mirenek buruaz baiezkoa egin zion Xabierri. Bazekien emakume hark zioen guztia astakeria hutsa zela. Baina hura entzuteak barrutik erretzen zion arren, dirua behar zutela bazekien.  Seme-alabengatik edozer egiteko prest zegoen.

Ez zuen onartzea beste erremediorik izan. Dena dela, Xabierri ez zitzaion axola ezagutu berri zuen gizon horren bulegora joatea ezagutzen ez zuen gai bati buruz hitz egitera. Bertan, txiste pare bat eta eguraldia izan ziren mintzagai nagusiak. Gaiak arruntak izan arren, oso gustura zeuden biak hizketan. Bakarrik. Xabierrek ezin zuen gogoratu Mirenekin horrela sentitu zen azken aldia, ezta lehenengoa ere.

-Berandutzen ari da.-Mikelek ez zekien nola egin Xabier berriz ikusteko. Bizitza osoan bere buruarengan izandako ziurtasun guztia galdua zuela zirudien. Bururatu zitzaion lehenengo ergelkeria bota zuen-Nire ustez egun hauetako batean zuen etxera joan beharko naiz, Mirenek behar ditudan paper batzuk baititu. Badakizu, gaurko festa…

-Etzi goizean etxean egonen naiz.-‘’Baina Xabier, zer arraio ari zara? Zergatik esan diozu etxean bakarrik zauden momentuan etortzeko? Argi eta garbi utzi dizu Mirenek egun horretan bere gurasoen etxera joatekoa dela.’’

-Ados, laster arte orduan. Unetxo bat besterik ez da izango.

-Noski. Goazen bi hauen bila, martxa honetan oinetakoak puskatu izanen dituzte eta.

Etzi Mikelek paperak hartu eta etxe hartatik alde egin zuela esan nahiko nuke, zinez. Kontuan izan behar dugu, hasieran azaldu bezala, bizitza ez dela ongi jokatzea gogoko duen horietakoa. Mikel etzi Xabierren etxera joan zela ez dizuet ukatuko, paper haiek desagertuak ziren ordea (inoiz agertu ez dena desagertu badaiteke). Bertan haren esperoan zegoen bakarra ostiral gau hartan ezaguturiko gizona zen, bi egun lehenago hasitakoarekin jarraitzeko asmo bakarrarekin. Jarraitu eta bukatu ere egin zuten.

Paradisua. Paradisua ezagutu zuen bikote hark hurrengo sei hilabete labur bezain zoriontsuetan. Biak elkarrekin zeudenean ama eta emazteak ahaztea lortzen zuten arren, tamalez, egoera hark ezingo luke luzaroan iraun.

-Nazkatuta nago beti ezkutuan ibili beharraz.- Mikelek hartua zuen erabakia, eta ez zuen atzera egiteko inongo asmorik- Gaur bertan kontatuko diegu gure artekoa. Nik amarenean afalduko dut gaur bere urtebetetze eguna baita. Badakit batak zein besteak gaizki hartuko dutela baina azkenean onartu beharko dute.

Xabierrek Mikelek arrazoia zuela bazekien eta bera izan zen pausoa ematen lehena.

-Alde hemendik!-Miren negar batean zegoen-Ez zaitut gehiago ikusi nahi.- Inoiz ez bezala oihukatzen ari zen. Xabierrek kostata igartzen zuen bere emaztea aurrean zuen emakumean. Hala ere, ulergarria zen Mirenen erreakzioa.

Mikel zur eta lur geratu zen. Amak albistea jasotzean ez zuen hitzik esan eta gelatik alde egin zuen. Seinale ontzat hartzea erabaki zuen, azken batean, okerrena espero zuen.

Mikel gaixoa. Amaren heriotzaren zama jasanezina egin zitzaion. Ama gau hartan soka hartatik zintzilikatuko zela jakin izan balu, ziurrenik ez luke Xabierrena kontatzeko imintziorik ere egingo. Urtero bezala ‘’zorionak zuri’’ abestu, opariak eman eta muxu azkar bat masailean. Senarra hil zenetik, emakume haren bizitza goibelari zentzua ematen zion arrazoi bakarra semea bide onetik gidatzea izan zen. Dena gaizki atera zitzaion. Nekatuta zegoen.

Ez pentsa Xabierrentzat erraza izan zenik, hari ere erruaren mamuak ez baitzion bakean uzten. Ba al dago zure bikotearen amaren hilketaren gaizkide sentituz harremanarekin jarraitzeko modurik? Jasanezina zitzaion Mikel horrela ikustea.

Azken batean, ausardia izan zen emakume haren hiltzailea. Ausartak izan ez balira, ez lukete inoiz haien harremanaz berri emateko erabakia hartuko. Eta ausardi horrek ere, erruarekin batera, akabatu zuen bi gizonen arteko harreman eder bezain zoritxarreko hura.

Elkarrekin egoteko ez zuten astirik ere izan.

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.

WC Captcha 83 + = 84

Sin Resultados

Lo sentimos, no hemos encontrado lo que buscas. Prueba con diferentes palabras.

Este sitio web utiliza cookies de terceros para optimizar tu navegación, adaptarse a tus preferencias y realizar labores analíticas. Al continuar navegando aceptas nuestra Política de cookies. ACEPTAR
Aviso de cookies

Product Enquiry

Facebook